XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errebeldeak eta...

JAVI CILLERO

Susan E. Hintonek emaitza politak ekarri ditu Estatu Batuetako gazte literaturara azken hogeita bost urteotan.

Oklahomako idazle honek The Outsiders bere lehengo nobela 1967an Unibertsitatean sartu aurretik argitaratu zuen eta harrez gero, 10 milioi ale baino gehiago saldu ditu.

(Daly, aitzin-solasa) Elaberri hura hamazazpi urte zituela idatzi zuen.

Ondoren, beste lau bat nobela idatzi ditu, eta batzuk zinerako bertsioa ezagutu dute.

Bestalde, aipatzekoa da nolako begirunea lortu duen idazle goiztiar eta patxadatsu honek gazteen artean bere lanen egiatasunari esker.

S. E. Hintonek benetako kezka azaldu du nobela guztietan gazteriaren egoeragatik, gaztaroko kontuengatik eta gaztetasunaren ajeengatik.

1948an jaioa, Tulsako giroak bultzatuko zuen gazteez idaztera eta The Outsiders lehenengo nobelaren arrakastak betiko finkatuko zuen bidean.

Geroago beste ahalegin batzu etorriko ziren, beti ere gazte munduari lotuak, eta gaur egun denek ezagutzen dute Hinton aintzindari izan zela errealismo eta egiantzako lanak taiutzen.

Nolabait esateko, zorretan dago berarekin Estatu Batuetako gazte literatura, Hintonek bidea urratzen egindako ahaleginen fruitua bait dira gaur egun plazaratzen diren hainbat eta hainbat liburu alor horretan.

Bada, are aipagarriago dira Hintonen emaitzak kontutan hartzen bada lehen nobela hamasei urtekoa izanik idatzi zuela, eta harraz gero, oso kontu handiz ibili dela ezer argitaratu baino lehen.

Hogei urteko epe luzean bost liburu argitaratzeak garbi asko adierazten du lanaren seriotasuna, errazkeria komertzialak alde batera utzita.

Benetako idazle ekartsua izatera bultzatu nahi izan zuten hamasei urteko gazte baten hasiera arrapaladatsua eta guzti, (...).